miércoles, 21 de noviembre de 2012

Errebotista xelebre batzuk


Gaskonia(‘’Urchalle’’) edo ‘’Manco de Villabona’’ ezagunez gain, badira modalitate hau handi egin duten errebotistak ere.

Horien artean, Mathieu Borotra(‘’Mateo el Frances’’); Jean Baptiste Duhalde(‘’Chilhar’’) soraidetarra, ‘’Manco de Villabon’’-ren areriorik beldurgarriena; Billabonako Ayestaran anaiak; M.Irazoki bidasoarra; Roman anaiak edota Juan Jose Gorostegi irundarra aurki ditzakegu.

Baina, dudarik gabe, errebotista guztien artean handiena Victor Embil oriotarra dugu(1868). Joko-garbi modalitatean aritu zen lehenbizi, baina, geroago, bere abilezia paregabea erakutsi zuen errebotean. 20 urte zituela, ezbehar bat jasan zuen eta horren ondorioz, erreboteko partidak asko luzatzen zirenean, ‘’azpitik’’ eramatera behartuta zegoen, eta horretarako berarentzat soilik diseinatutako zesta berezi bat erabiltzen zuen. Embilen eta ‘’Manco’’-ren arteko partidak garai hartako klasiko bihurtu ziren eta plazak bete egiten zituzten, elkarren aurka aritzen ziren guztietan.

Historian izandako aldaketa esanguratsuak


Errebotearen lehenengo belaunaldian, arauak ez ziren gaur egungoak, edo beste era batera esanda, errebotearen barne logikak eboluzio prozesu bat bizi izan du urteekin.
1864an, esaterako, sakea airez eraman zitekeen, pilotak barnea edo frontisa ukitu zezan itxaron barik. 1860an, ordea, sakea gaur egungo araudian dagoen bezala taxutzen da, errestalariak, pilotak ‘’paretz’’ edo ‘’arrebot’’ egin arte errestoa ez egitera behartuz.

Horrez gain, denboraren poderioz, piloten tamaina aldatuz doa, 6-7 ‘’onza’’-ko pisutik, 4-5 ‘’onza’’-ko pisura pasatuz, kautxuaren etorrerarekin.
Erremintak ere modernizatu egiten dira lehenengo eskularru luzearekin eta geroago, xisteraren sorrerarekin.

Aldaketa hauek, jokoari bizitasun handiagoa eman zioten eta gehienak, XIX. mendearen bigarren erdian gauzatu ziren, non erreboteak, bere historia zaharreko urte honenak bizi izan zituen. Hala ere aipatutako mendearen amaieran, ‘’blé’’ modalitatearen etorrerarekin eta Euskal Herrian agertzen hasi ziren ezker paretako frontoiekin, erreboteak beherakada nabarmena jasan zuen.

Beherakada gero eta nabarmenagoa egiten da XX. mendearen hasieran eta, hura saihesteko edo gutxitzeko asmoz, elkarteak sortzen hasi ziren: ‘’Federación Francesa de Pelota Vasca’’(1921), ‘’Sociedad de Pelota a Largo y Rebote’’(1923), ‘’Errebote Zabalkunderako Euskal Elkartasuna’’(1930)…

Azken elkarte honen lorpenik handiena, Donostiako Maitea frontoiaren eraikuntza izan zen, diru ekarpen partikularrei esker. Frontoia, 1932an inauguratu zen, Gipuzkoako eta Lapurdiko selekzioen arteko norgehiagokarekin.
Urte honen eta Guda Zibilaren hasieraren artean, errebotearen praktika handituz joan zen Gipuzkoan, bereziki.